domingo, 16 de enero de 2011

MINBIZAREN AURKAKO TRATAMENDUA

Kirurgia, horixe minbiziaren aurkako borrokan erabiltzen den tekniketariko bat. "Batzuetan -Arrate Plazaola ari da berbetan Donostiako Onkologikoko medikua-, tumorea kentzea nahikoa izaten da, baina gehienetan kirurgiarekin batera tratamenduren bat ezartzen dugu, gehiago ziurtatzeko". Azaleko tumoreak, biriketakoak eta digestio-aparatukoak ei dira kirurgiaren bidez emaitzarik onena ematen dutenak. "Oro har emaitza onenak tumore solidoekin lortzen dira, batez ere gaixotasunaren lehen estadioetan harrapatzen ditugunean".

Minbiziaren aurkako terapiez hitz egitean jendea izutu egiten da, albo-ondorioak izan ohi dituelako. Kirurgiak berak, ebakuntza ondoren sendatzeko behar den denboraldiaz gain, ez du aparteko eraginik izaten; erradioterapiak eta tratamendu sistematikoek -kimioterapiak, hormonoterapiak eta tratamendu biologikoak- berriz, bai. Hala ere, erradioterapia eta tratamendu sistematikoen artean diferentzia nabarmena dago erradioterapiak gorputzeko atal edo gune jakin bati eragiten dio, eta besteek, gorputz osoan dute eragina.

Erradioterapia, beraz, gorputzeko toki jakinetara bideratzen da, eta tumorea ondo identifikatuta eta hedatuta ez dagoenean erabiltzen da, gongoiletan adibidez.

Tratamendu sistematikoen artean ezagunena kimioterapia bada ere, gutxienez beste bi erabiltzen dira, hormonoterapia eta tratamendu biologikoak esaterako. "Kimioterapiaren bidez zelula tumore-zelulak biderkatzeko sistema hautsi nahi izaten dugu, horregatik izaten dira bestelako eraginak, botaka egitea, ilea erortzea eta abar. Gehienetan kimioterapia odolaren bidez ematen dugu. Hala ere, kasu batzuetan -oso gutxitan- pilula bidez ere egin genezake. Guztia ospitalean egin behar izaten da, kimioterapia bera hartzea zein geroko atsedenaldia etxean eramateko gogorregia izango litzateke eta. Kimioterapiaren akatsik handiena edo alderdi txarrena hori da, albo-ondorioak, zelula guztiei erasotzen baitie gaixoei zein osasuntsu daudenei".

Minbiziari aurre egiteko gehien garatzen ari den terapia hormonoterapia da. Hormonoterapiaren bidez -kimioterapiaren kasuan bezala-, zelula bikoizteko sistema hautsi nahi izaten da. Pilula hartzean seinaleak bidaltzen dira zelulako nukleora eta, horren bidez, ez bikoizteko agindua ematen zaio. Areagotzea eragiten duen mintza aurkitzen du eta, hautsi gabe, moteldu edo geldiarazi egiten du. Eragina luzerakoa izaten omen da. "Gaixoak hartu behar dituen pilulen bidez ematen dugu eta ez dute albo-efekturik izaten. Minbizi-motaren araberakoa izaten da hormonoterapia egitea edo ez egitea, bularrekoa, umetokikoa eta prostatakoa esate baterako oso egokiak dira hormonoterapia bidez sendatzen saiatzeko. Edozelan ere, tratamendu hau edo beste bat ezartzea erabaki baino lehen, patologoak gaixoak errezeptorerik duen ala ez adierazi behar digu". Arratek dioenez, batzuetan hormonoterapia ezartzen hasita ere, kimioterapiara pasatzea ere badago. "Hormona berri ugari ateratzen ari dira eta horrek ere esparrua irekitzen laguntzen du.

Tratamendu biologikoen helburua zelulen ezaugarri genetikoetan eragitea izaten da. Zainetik hartzen diren tratamenduak dira eta orain asko ikertzen ari omen dira. Tratamendu biologikoen terapia pasiboa edo aktiboa izan daiteke. Terapia pasiboen artean erabiliena antigorputz monoklonalena da. Botika zainetik sartu eta gero, ezaugarri genetiko zehatz batzuk dituzten zeluletan eragiten du, gainerakoak bakean utzita. Horregatik teknika honek ez du albo-ondoriorik, proteina zehatzen aurka eragiten duelako. Immunoterapia aktiboa denean, bi helburu bilatzen dira: batetik, sistema immunologikoa bera suspertzea; bestetik, sistema immunologikoari, ez dituen substantziak sorraraztera behartzea. "Horrelakoetan tumoreen aurkako txertoez hitz egiten dugu. Sistema immunologikoa susper dezaketen produktuak -interferoiak- sartzen ditugu gorputzean, batez ere melanoma eta leuzemia kasuetan. Azkenik, interleukinak ere erabiltzen ditugu. Gorputzak ezin izaten ditu substantzia jakin batzuk sortu, eta guk substantzia horiek sartu egiten dizkiogu interleukinen bidez".

Tratamendu biologikoen etorkizuna oparoa izan daitekeela ikusten den arren, gaur egun gehienbat hormonoterapiarekin egiten omen dute lan. Izan ere, hormonoterapia erabili eta gero, kimioterapiara pasatzea badago; konbinazioak egin daitezke. "Minbiziak oraindik ez ditugu mendean hartu. Emaitzak gero eta hobeak dira, leuzemia asko, barrabiletako minbizia, bularretakoa eta beste batzuk sendatzea lortzen dugu, baina oraindik ez dugu gaixotasun honen aldaera guztiak gainditzeko eta erabat sendatzeko biderik aurkitu. Hala ere, gauzak asko ari dira aldatzen. Orain minbizia izanda ere, badago bizitza luzatzea, gaixotasun gogor eta erasokorra zena kasu askotan gaixotasun kroniko bihurtzeko aukera". Ikusten denez ikerketzaileak ondo ari dira lanean eta esan daiteke egunero zerbait aurreratzen dela, baina ezin da jakin minbiziari noiz irabaziko zaion lasterketa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario